ZERUERTZEKO LERROA

Miguel Zugaza. Cat. nº 5, Ezkerraldea Plastika, 1998

Urrutira begiratzea, urrutirago begiratzea, begira dagoen norberari begiratzea. Caspar David Friedrich-ek "Monjea itsasoaren aurrez-aurre" sortu zuenetik maiztu samarra gertatzen da forma uniboko eta erabakigarri bat ezartzea artistak leize edo amildegiaren, errealitatearen muga eta horizontea den horren aurrean daukan posizioa ezartzeko. Iruditzen zait Adel Alonso muga hauxe inguratzen ibili dela beti, izatea eta egotea bereizten direneko ertza korritzen, horixe baita gaur egungo sorkuntza artistikoa. Prakak belaunetaraino jasorik, itsasoaren aurrean kokatu da, zeruertzeko lerroari begira, olatuek orkatiletan jotzen zuten bitartean. Hitz batean esateko, busti egin da.

Kimerak, ezagutzaren eta transzendentziaren sakontasunaren ilusioak zeruertzeko lerroan aurkitu dute beren metafora adierazgarriena. Begiradaren leihoa zeharkatzen duen lerro zuzen bat, existentziaren esperientzia itotzen duen urezko zirkulu bat, zalantzazko posibilitate bat, erdiets litezkeen posibilitate guztiak agortzen dituena.

Zeruertza ezabatzeko helmuga modernoa, edo hobeto esan duchamptarra, hau da, obra gardentasun argitsu bihurtu nahia, Beira Handi batean, materia biluztuz, erretorika guztia ezabatuz, beste kimera zoragarri bat gertatzen da, heterotopia bat, beste leku, beste errealitate bat zeruertzetik, perspektibarik, araurik gabekoa.

Ez dezagun ahaztu beiraz, materia gardenaz, baliatzea dela beharbada artistek natura menperatzeko erabili duten baliabide zahar eta eraginkorrenetako bat, ortogonaltasuneko lege cartesiarrera makurrarzteko. Badira, Adel Alonso bezala, baliabide honen erabilpenari gutxietsirik, beren begiradaz kristalezko horma zeharkatzeko premia sentitu dutenak, materialki zulatzekoa, urrutirago edo hurbilago ikusteko, komeni denaren arabera. Errealitateari tripak atereaz, eta gradualki gauzen materialtasuna deseginez, Alonso esperientzia sumagarriaren muga zeharkatzen saiatu da, dimentsio berri batera iristeko.

Badirudi begirada zabaltzea, "espaziatzea" dela gure artistaren azken asmoa, Nartzisoren esperientzia hura bezala, zeinak ustekabean uraren gainazal kristalezkoan bere bikoitza aurkitu zuelarik, ezinezko dialogo bat hasi baitzuen, bere baitako liluramenduarena.

Behin berriro, artista mugan kokatzen da, errealitatea, liluraren eraginez bezala, antzaldatu, zabaldu edo bikoiztu egiten dela dirudien gune horretan. Halere, errealitate setatiak etengabeki frogatzen digu zeinen hauskorra den gure izakera, geure ilusioak eraikitzen ditugun gainazal garden edo ispilatzaile hori bezain hauskorra. Harri bat jaurtitzen dugu eta kristala hautsi egiten da, uraren gainazala kizkurtu eta itxuren itsasoak ertzera itzularazten gaitu.