CROSSING OVER
Adel Alonso * Ana Mugica. Exposición Gasteiz, 2000
Crossing over. "Unibertsoaren ikuspegi aurreikusgarri batetik negugarrira eta orain diferentzialera pasatu gara". Hibridaziorako gerturik dauden identitate ezberdinen aldibereko existentzi ahalbidea planteatzen dugu, obra eta edukien autonomiari buruzko lehentasun-hurrenkeran azpimarragarria den gauza. Desjarraitasunak eta aldaketa kualitatiboek errealitate gurutzatuen topologia eta dinamika deskribatzen dute, zeharkako irakurketak sortuz. Gerturik dauden entitateek eta "bitartekoek" diskurtso ítxi oro zulatzen dute. Ezin da gelditu erdibidean posizio-erlazioak xedatuz; erritmo-desjarraitasunetan, erlazio diferentzialetan, aldaketaren paisaietan oinarrituriko lurralde berri bat ikusteko ahalbidea dago. Desjarraitasuna eta aldaketa. Egonlekuak aleatorioki elkarbarneratzen diren inurritegi-efektua deskribatzen dugu. Kronisgbergeko zubien arazoa planteatzen dugu, hau da: zubien kokapenak eragotzi egiten du guztietatik pasatzea baten batetik bi aldiz pasatu gabe. Elkarloturik dauden elementu autonomoen muntaketa/desmuntaketatik abiatuta antolatzen da erakusketa. Elkarren segidako geruza edo maila eroaleak gurutzatzen dira eta norbere harriduraren partaide den nabigari orok eragindako interferentziarekin modelatzen den zinta etenduna, leheneragarria eta irekia bilbatzen dute, erresorteak aktibatuz eta pasabideak irekiz. Obrak, elkarreragina izateko gai direnak guztiak, erakusketan artikulatzen dira portaera formal ezberdin, euskarri misto eta tematika sekuentzialetatik, diskurtso lineal lauari dion arbuioa azpimarratzeko. Euskarriari espazio aktibo eta elkarlotua denez egiten zaion aipamena proposatzen da espazio-itxuraketa batetik, non euskarri ezberdinak esparru komun batean artikulatzen diren: euskarrien espazioa komunikazio-tresna denez edota euskarria komunikazio-espazioa denez. Argumentu-bilbearen ibilbideak eta irristaketak ageri dira, haustutako zirrikituak eta iragaketak begibistan jartzen dituztelarik antolamendu ireki eta aldakorra duen eta erabiltzaileak alda dezakeen erakuntza ezberdinen hurrenkeran. Arrazonamenduek, informazio-bilbaduren antzera, somaketa ezberdin bat, beste jakintza bat inplizitu daukaten somaketak eta azterketak galdatzen dizkiote erabiltzaileari.
Espazio eta denborazko aldakuntzak. Esparru dimentsioanitzak gainditzen dituen esparru dimentsiobakarra, aldaketak somaketaren abiaduran. Esparru digital horietan murgiltzearen antzeko etengabeko ez-egonkortasuna ahalbidetzen duten hierarkia zehaztugabeen paradoxak; erabakiak etengabe hartu behar dituen jolasetan erabiltzaileak beti aurkitzen du gela bat bertan sartu eta jarraitzeko: aurrera, gora, behera, eskuinera, ezkerrera; gero beste gela batera pasatu eta hemen ere sartu eta aurrera egiteko: aurrera, gora, behera, eskuinera, ezkerrera; baina, ba al dago hasierara itzultzeko ahalbiderik loop-espiralean itzulera eginda? Zein nabigazio-mapak aurkeztu ahal izango dizkigu hegal konbentzionaletatik kanpo esperientzia pertsonala tipifikatzen duten bat-bateko aldiberekotasun, desjarraitasun eta erresonantzi efektuak? Kartografoak eta astronomoak nola izango dira nabigazio-mapak aurkezteko gai?